Euskera kategoria artxiboak

Kategoria: Euskera

Etxealditik Euskaraldira

Udaleko Euskara Zerbitzua-tik:

Orain, Euskaraldiaren antolatzaileekin bat eginez  #EtxealditikEuskaraldira entrenamenduan parte hartu ahal izango duzue, bai ondoan dituzuen etxekoekin, eta telefonoz edo sareko bideo deien bidez harremana duzuen senide, lagun eta lankideekin ere.

EtxetikEuskaraldira

Baina…

ZER DA ZEHAZKI?

Euskaraldirako motorrak berotzen joateko bi asteko entrenamendua.

NORI DAGO ZUZENDUA?

Euskaraz gehiago hitz egin nahi duenari.

ZER EGIN BEHAR DUGU?

  • Apirilak 21-23, hausnarketa: nola hitz egiten dut etxekoekin eta etxetik harremana dudanekin?
  • Apirilak 24-30, entrenamendua:  proposamen bat egingo dizuegu egunero, hizkuntza ohiturak aldatzeko edo finkatzeko.
  • Maitzak 3, ekimen bateratua.

Eta, orduan, gaur…

HAUSNARKETA NOLA EGIN?

  • 1. pausoa, zerrenda bat egin: orri batean idatzi etxekoen, kideen eta lagunen izenak.
  • 2. pausoa, hizkuntza ohitura zehaztu: izen bakoitzaren ondoan erabiltzen duzuen hizkuntza identifikatu eta idatzi (eus, gaz, erdi.).
  • 3. pausoa, hizkuntza aldaketa norekin zehaztu: zerrendan gaztelaniaz edo ele bietan direnen artean nor aukeratuko duzun erabaki eta markatu.

Ariketa nola egin hobeto ulertzeko, ikus ondoko  bideoa
(Interneteko edukiak hobeto ikusteko komeni da urrutiko mahaigaineko loturatik ateratzea).


Ohitura aldaketa etxean hasten da!Animatu, eta parte hartu!

Hirutxuloko artikulua-Ibaetan Euskaren egunari buruz

Irutxuluko artikulua   (Hirutxuluko web orriaren artikulura linka)

Idazlea: Beñat Parra

ibaetako_euskararen_eguna

Euskarari bultza egiteko gogotsu daude Ibaetan

Urteroko legez, abenduaren 3an izango da Euskararen Eguna, baina Ibaetan datorren asteburuan hasiko dira motorrak berotzen. Izan ere, haur eta helduentzako hainbat jarduera antolatu dituzte.

Abenduaren 3a iristeko gogoz daude Ibaetako bizilagunak, eta egitarau zabala prestatu dute datorren ostiralerako eta larunbaterako, hilaren 22rako eta 23rako, Euskararen Eguna ospatzen hasteko.

Datorren ostiraleko 17:30ean hasiko da jai giroa Ibaetako Karlos Santamaria plazako frontoian, horma-irudi handi bat margotuko baitute denen artean. Eunate Abilleirak, Ibai Ikastolako euskara batzordeko kideak, azaldu duenez, asteburu osoa egongo da horma-irudi hori frontoian ikusgai. Era berean, Euskaraldiaren txokoa ere asteburu guztian zehar han egongo dela adierazi du: “Aurten Euskaraldirik ez dagoenez, iazko eta hurrengo urteko Euskaraldien arteko zubi moduko bat egiteko, photocall bat jarriko dugu kutxa batekin. Jendeak euskarak iradokitzen diena idatzi edo marrazteko aukera izango du hor, eta gero dinamikaren antolatzaileei pasako diegu material hori”.

Horma-irudia margotu ondoren, euskarazko liburu, disko eta filmak trukatzeko azoka bat egingo dute, eta haurren aurpegiak margotuko dituzte. Ostiralarekin bukatzeko, dantzaldia egingo dute 19:00etatik aurrera. Abilleiraren arabera, Donostiako Musika eta Dantza Eskolako kideak joango dira segur aski, ondo dantzatzeko irizpide batzuk emateko.

Ostiral arratsaldeko jardueretan jende askok parte hartuko duela uste dute antolatzaileek: “Ostiraletan jende asko egoten da Karlos Santamaria plazan, ikastolatik ateratzen diren haurrak eta gurasoak, bereziki. Horregatik, egun horretako jarduerek arrakasta izango dutela uste dugu”.

Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako, izan ere, Ekain-Txou pailazoak haurrentzako ikuskizuna egingo du frontoian 11:00etan. Eguerdian, 12:30ean, euskal tortilla txapelketa egingo dute. Patata tortillei “euskal ukitua” ematera animatu dituzte parte-hartzaileak. Txapelketako sariak nabarmendu ditu Abilleirak:”Taberna gehienek pintxoak eta edariak eskaini dituzte. Aratz jatetxeak, aldiz, bi pertsonentzako bazkari edo afari bat eskaini du, eta Gaztelo kafetegiak bi pertsonentzako gosari bat”. Bazkaltzera joan aurretik, kantujira egingo dute auzotik.

Arratsaldean, 17:00etan, buruhandiak egiteko ikastaroa egingo dute, bi euroko izen-ematearekin. Ikastaroan egiten dituzten buruhandien eta auzoko jaietakoen arteko topaketa egingo dute 18:00etan, txokoloate janarekin batera. Sabela ondo bete ondoren, Eli Pagola eta Haritz Mujika bertsolarien eskutik bertso-poteoa egingo dute auzotik, egitasmoarekin lagundu duten tabernetan geldialdiak eginez.

Egitasmoaren antolakuntza
Donostiako Udalak iazko maiatzean ireki zuen Euskararen Egunaren harira diru-laguntzak eskatzeko epea. Abilleirak azaldu duenez, auzoan zerbait antolatzeko aukera ona iruditu zitzaien: “Hasieran, bi asteburuko egitaraua aurkeztu genuen udalean, ez genekielako zenbat jende eta zein baldintza izango genituen”. Duela hilabete bat jakinarazi zien udalak diru-laguntza emango zietela, baina azkenean asteburu bakarreko egitaraua prestatzea erabaki zuten, “neguko jai batzuk izango balira bezala”.

Egitasmoan sartuta hamabi bat pertsona daudela adierazi du Abilleirak, baina antolakuntza “lauzpabost pertsonen” artean egin dutela, batez ere. Hala ere, auzoko hainbat tabernaren laguntza nabarmendu dute antolatzaileek, eta jendea animatuta ikusten dute auzoan. Era berean, udalak gauzak erraz jarri dizkiela azpimarratu du: “Udalak erraztasun guztiak eman dizkigu; ikusten da Euskararen Eguna auzoetara zabaldu nahi dutela”.

Euskara Ibaetan
Abilleiraren aburuz, Ibai ikastolaren inguruko giroa “nahiko euskalduna” da, baina gurasoen bileretan beti nabarmentzen dute euskararen erabilera beheranzko joeran dagoela.

Horretaz gain, auzoko leku askotan gaztelaniaz hitz egitea ateratzen zaiola aitortu du Abilleirak: “Orokorrean ez zait iruditzen Ibaeta bereziki auzo euskalduna denik. Taberna batzuk euskaldunak badira ere, askotan errazagoa da gaztelaniaz sartzea”.

Horregatik, Euskararen Egunaren harira jai hori egitea ideia ona iruditu zitzaien, euskara bultzatzeko: “Euskararen Egunaren aitzakiarekin jendeak euskara buruan izatea nahi dugu, Euskaraldian bezala. Lehenengo hitza ‘kaixo’ ateratzen bazaizu, primeran”».

Euskararen eguna-Bolondresak

Kaixo denoi!
Azaroaren 22 eta 23an Euskararen Eguna ospatuko dugu Ibaetan eta ondorengo ekintzetan laguntzeko boluntarioak behar ditugu. Lekua: Karlos Santa Maria Plaza (Ibaetako frontoian).
Azaroak 22, ostirala

  • 17:30: haurrentzako jolasak
  • 18:00: aurpegi margolariak

Azaroak 23, larunbata

  • 12:00: Euskal-tortila lehiaketa
  • 17:00: Buruhandi tailerra
  • 18:00: Txokolatada

Lagundu nahi izanez gero, bidali zure izen-abizenak eta telefono zenbakia euskera@ibaigurasoak.eu posta elektronikora edota bete ondorengo formularioa.

Eskerrik asko lagunatzagatik. Gure eskerrik beroenak argazkia ateratzera hurbildu zineten guztiei!

EuskararenEguna-IbaetaArgazkia

Euskararen Eguna-Argazkia 17:00etan Ibaetako frontoian (2019-11-12)

Kaixo!
Dakizuen bezala, datorren azaroaren 22 eta 23an Euskararen Eguna ospatuko dugu Ibaeta auzoan ekitaldi ugarirekin.
Programa atxikita duzue.
Irutxuloko Hitzak erreportai bat egin nahi du horren inguruan eta euskararen egoerari buruz auzoan eta ikastolan. Erreportairako talde argazki eder bat atera nahi dugu heldu eta umeekin bihar   arratsaldeko 17:00etan Ibaetako frontoian.(2019-12-11)
Anima zaitezte eta zabaldu mesedez!!!

Ibaetako 1.Euskararen eguna

Familia, irakasle eta langile agurgarriak,

Abenduaren 3an Euskararen Eguna  dela eta, IGEko Euskara Batzordeak udaletxeko diru laguntza bat jaso du auzoan egun honetan hainbat ekitaldi antolatzeko.

Proiektuaren bideragarritasuna ikuste aldera, Ibaietako frontoian ospatuko den bilerara gonbidatu nahi zaituztegu urriaren 18etan, ostirala, arratsaldeko 6tan.

Zuen babesa izango dugulakoan,

Euskara batzordea

19/20 Euskara ikastaroa-Gurasoak, aiton-amonak, zaintzaileak….

Guraso agurgarriak,

Ikasturte honetan ere, Ibai Ikastolako Guraso Elkarteko Euskara Batzordeak gurasoentzako euskara ikastaroak antolatzen hasi nahi genuke

Aurreko urteetan arrakasta handia izan duten ikastaro hauetan, gurasoez gain, ikasleen zaintzan parte hartzen duten hainbat pertsonek hartu dekazete parte (aiton-amonek, zaintzaileek, etab.)

Aurtengoan ere honako taldeak izango ditugu:

  • Hasierako maila (HABEko A1 eta A2)- Astelehenetan 14.45tik 17.15ra.
  • Maila aurreratua (HABE B1etik aurrera)- Asteazkenetan 15.00tatik 17.00ra

Ikastaroen antolatze aldera, parte hartzeko asmoa baduzue, eskertuko genizueke  honako informazioarekin  euskera@ibaigurasoak.eu helbidera mezu bat bidaltzea:

  • Izen-abizenak:
  • Telefonoa:
  • Posta elektronikoa:

Edo formulario hau bete:

Ikastaro hauetan berria izanez gero, zure maila zein den jakin behar dugu. Horretarako,
sartu http://www.ilazki.eus/mailaketa web orrialdera eta hainbat datu sartu eta gero
(izen-abizenak, ikastolaren izena eta zure telefono zenbakia), egin ezazu bertako froga.
Ondoren, bidali iezaguzu lortutako emaitza euskera@ibaigurasoak.eu helbidera.
Azkenik, ikastaroen ordutegiak ez badira zure gustokoak, eskertuko genizuke beste
orduren bat proposatzea, ikastaro hauetaz ahalik eta jende gehien baliatzea nahiko
baigenuke.
Mila esker.
Ibai Ikastolako Euskara Batzordea